XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Emakumezko heldu-heldu bat eliza sarrera nagusitik, epistola aldetik, sartu da, orain, ezkerreko eskutik plastikozko poltsa bat, urdina batipat, zintzilik daramala.

Beste bat, adin berekoa, baita ere leku beretik sartu da, eta honek bizkarretik zintzilik darama eskupoltsa.

Apezak elkarri pakearen eskua luza diezaiogun eskatzeko unean, kapilan orain arte belauniko, burua beheratuta, debozio haundizko itxuraz egon den emakumezko gazte hura, handik altxatu, eta nire eskubian zutik gelditu da.

Lehenik nire eskubitan dagoen gizonezkoak bere eskua nireganatuz zertxobait luzatzen dit, nik berdin nirea berari, ezpainetan hitzen bat elkarri esango bagenio bezala.

Ondoren, nire eskubiko etorri berri den emakumezko gazteak eta biok elkarri eskubiko eskua luzatzen diogu.

Biok arretaz elkarri aurpegira begiratzen diogu.

Hitzik ez dut uste elkarri esan diogunik.

Jaunartze aldia. Elizaren erdia, eta zertxobait gehiago ere, agian, jaunartzera joan da, aldare herriratuaren oinaldera, non meza emailea eta kanpoko jantzizko gizonezko heldu bat, iadanik epistola aldetikako aldareko eserlekuan dagoena, ari dira jauna ematen, honi gizonezko adinezko goardapolbosdunak eta hari gizonezko eskezaleak bandejatxo banaz laguntzen dietela.

Jendea alde guztietatik hurbiltzen eta berritzultzen da.

Gehienek ahora eskatzen dute jauna.

Ez da abesten. Orainarte ez da abestu, gainera.

18:31 dira, jaunartzealdirakoan.

Batzu urtetzen dira.